Artxibo rtf
(47 - 2009ko Martxoa)

Lasaitu gaitezen eta hausnartu dezagun

Bukatu dira Eusko Legebiltzarra aukeratzeko hauteskundeak eta ohizkoa denez irakurketa ugari egin dira emaitzei buruz. Zaila da gauza berriak esatea, baina hainbat ordu eman ditudanez batzuek eta besteak esandakoak eta idatzitakoak mihatzen, neuk ateratako hainbat ondorio plazaratu nahiko nituzke.

Lehen ondorioak lotura zuzena dauka hauteskundeen balizko legitimitatearekin. Ezker Abertzale “ofiziala”ren ilegalizazioak lehiakide garrantzitsu bat jokoz-kanpo utzi zuen, hauteskunde-legeak gehiegizko tokia ematen dio Arabari legebiltzarrean eta D´Hont sistemak alderdi handiak saritzen ditu txikien kaltetan. Hori guztia egia izanik ere, hauteskunde kanpaina hasi aurretik ezaguna zen. Parte hartu duten guztiek zuten arauen berri eta jokatzea erabaki zuten, baita Ezker Abertzale ilegalizatuak ere boto nuloa eskatu zuenean. Ezin da, “galdu” ondoren, arauei errua bota.

PSE-k, bigarren indarra izan arren, hauteskunde gauean bertan azaldu zuen, ahobero, lehendakaritza hartzeko asmoa. Modu ia bakarra dago hori gertatzeko, PPren babesa, hain zuzen. Erabaki horrek hitz gogorrak ekarri dizkio EAJren aldetik, kolpe instituzionala aipatu zuen, besteak beste, Iñigo Urkulluk agerraldi batean. Bide okerra hartu dute, bai EAJk, baita sozialistek ere. EAJk ezin dio bigarren indarrari zilegitasun falta leporatu, Araban eta Gipuzkoan aldundien jabe denean, hirugarren eta bigarren alderdia izanik, hurrenez hurren. Sozialistek, aldiz, nekez justifikatu dezakete kanpaina osoa transbertsalitatearen alde eta frentismoaren aurka egitea eta gobernu frentista bat osatzea. Edozein modutan, boterean dagoenak kritikak errazago jasaten ditu eta, ezusteko handirik gertatzen ez bada, Patxi izango dugu lehendakaria hurrengo lau urteetan.

Errealitate hori gustatu ez arren, horrela izango dela iruditzen zait. Kontu larria da, are gehiago PSEk ez badu gobernu-hitzarmen egonkorra lortzen beste alderdi handi batekin, baina gizartearen gehiengoa, diputazioak eta gehiengo sindikala izango ditu aurrez-aurre politika errebantxista bat egiten saiatzen bada lehendakari berria. Madrilen nahasketa ugari sortuko dira Zapaterok ere gehiengo falta duelako eta hainbat erabaki PPrekin hitzartea komeni dela hasi dira esaten hainbat iritzi-emaile. Ikusiko dugu nori egiten dion mesede sozialisten erabakiak epe ertainera, beraiei, abertzaleei edota PPri.

Hiru dira, une honetan, EAEko gizartearen gehiengoak 1979an ontzat eman zituzten joko-arauak errespetatzen dituzten abertzaletasun-indarrak. Ezer gutxi esan dezaket Aralarri buruz. Izan duen hazkundeak erakusten du posible dela beste politika bat egitea, ezkerrekoa eta abertzalea dela, erreparorik gabe, errenbindikatuz. Batasunak babes handiagoa izan arren, geroz eta nabariagoa da ezker abertzaleko kideek ez dutela ontzat ematen ETAk finkatzen duen estrategia. Ez da gutxi.

EAren kasuan jasotako jipoiak azalpen gutxi behar du. Bakarrik aurkezteak, esistitzen ez den polo soberanista baten alde egiteak eta ñabardurarik gabe eta topikoz betetako ezkerreko diskurtsoa erabiltzeak bere ohizko botoemaileak uxatu ditu eta ez die boto bakar bat ere erakarri. 1986an lortutako 181.000 botoak 37.000 dira 2009. Ezin da gehiago azaldu hain hitz gutxi erabilita. Egoera are kezkagarriagoa da, ordea, EAren zuzendaritzaren eta hainbat kideen jarrera ikusita. Ziarretak komunikabide eta herritarrei leporatu baldin bazien porrotaren errua, EAren blogetan egindako iruzkinek sektore kritikoaren bizkar uzten dute boto-galeraren zama eta politika soberanistarekin jarraitzeko eskaera egiten diote Ziarretak ez bezala, dimititu ez duen zuzendaritzari. Politika hori aldatu ezean apirilaren 4tik aurrera jende gehiago urrunduko da EAren ondotik.

EAJk makina bat hausnarketa egin beharrean dago. Badauka, noski, pozteko arrazoiak: 30 eserleku lortu ditu, EAEko lehen alderdia da eta ez du jasan askok iragartzen zioten igadura. Horrek ez du esan nahi arazorik ez duenik, hauteskunde-kanpainak barne-diferentziak isilarazi ditu, baina bertan diraute; abertzaletasunaren erreferente nagusiak izanik, geroz eta toki handiagoa betetzen du eremu horretan, beste alderdien kaltetan. Fenomeno horrek, ordea, lankiderik gabe utzi du hauteskunde-osteko koalizioak gauzatzeko orduan. Alde horretatik jarrera ulerkorra eduki beharko luke, gutxienez EArekin, alderdi horrek estrategia aldatuz gero, ezinbestean PSE edo PPren laguntza beharrean egongo da gobernatzeko orduan, Lakuan, Gipuzkoan, Araban, baita Bizkaian ere.

EAJren 28 urtetako gobernuak erremin asko sortu beste esparruetan eta horren lekuko dugu Patxi Lopezek kemena martxoaren 1eko gauean lehendakari izateari ez ziola uko egiten iragarri zuenean. EAJk beste paradoxa ere bizi du, Ibarretxerekin irabazi ditu hauteskundeak, baina azaldu duen programak bizkarra eman dio oraingo lehendakariaren agintaldiko kezka nagusiak izan diren kontsulta eta planei. Ibarretxek boto asko eman dizkio EAJri, baina koalizioak egiteko aukera kendu dizkio eta ziur aski jeltzaleek Lakua utzi beharko dute lau urtetarako gutxienez. EAJk ezin du Ibarretxe alde batera utzi, baina bere liderra galga da hainbat hitzarmen lortu ahal izateko. Ez da erraza izango aldagai horiek guztiak biltzea eta bide zuzenetik eramatea.

Hauteskunde hauek bi ikasgai eman dizkigute, ororen gainetik: lehenengoa abertzaleak nagusi izaten jarraitzen dutela botoetan, nahiz eta gutxiengoa izan legebiltzarrean. Hauteskunde hauek, dena den, aspalditik datorren fenomeno bat berretsi dute, boto abertzaleak geroz eta gutxiago direla, bai kopuru absolutoei erreparatuz gero, baita proportzioari so eginez gero. Bigarrena, euskal gizarteak jarrera moderatuenak babestu dituela, igandera arte frentismoaren aurka azaldu zen Patxi López eta kudeaketa azpimarratu duen EAJ. Hankasartze itzela izango litzake lehendakari sozialista bat edukitzea aitzaki moduan hartzea jarrera erradikalagoak bultzatzeko, jeltzale batzuek beraien blogetan iradokitzen duten moduan. Indar abertzaleek, EAk eta EAJk, bederen, egoera honetara nola heldu garen hausnartu beharko lukete eta bide berriak urratu beharko lituzkete, indar-metaketaren ideia eta poloak baztertuz, errealitateari muzin egin gabe eta aberri bidean indar berriarekin ekiteko. Ez da erraza izango.

Mikel Aizpuru