Artxibo rtf
(47 - 2009ko Martxoa)

Euskal Autonomia Erkidegoko hauteskundeen bilakaera

Orain dela gutxi izan ditugu EAEn hauteskundeak eta emaitzak blokeei dagozkienez aldaketa handiak jasan ez dituzten arren, lehen aldiz boterean alternantzia ahalbidetu dute. Hala ere, “aldaketa” hori gauzatzeko  jokalari bat utzi behar izan dute jokoz kanpo, eta horrela lortu da 2001 urtean gertatu ez zena 2009an gerta araztea. ENAM ofiziala hauteskundeetatik kanporatu dutenez, alderdiek bere boto eta eserleku portzentaiak puzteko aukera izan dute eta honek emaitzen irakurketa oker batera eraman gaitzake, portzentaian igo den alderdi batek benetan botoak galdu izan ahal dituelako.

Bestalde, hauteskundeetan zehar hainbat koalizio egon dira eta honek emaitzen irakurketa ere zaildu egiten dute, EAJ-EA koalizioa edo PP-UA koalizioak gertatzen direnean, adibidez. Beraz, irakurketa erraz bat egiteko modurik ba al dago? Jakin al dezakegu zein izan den herritarren iritziaren azken 30 urteetako bilakaera? Analisi eta artikulu ugari idatzi dira gai honi buruz, baina norberak bere batuketak egiten baditu, ustekabean egiatzat jotzen zituen hainbat teoria kolokan jartzen ditu eta urte guzti hauetan entzundako joera analisi eta analisi kualitatiboen oinarria sendoa ote zen zalantza sumatzen du. Artikulu honen helburua, gure gizartean sarritan entzuten diren hainbat mito aztertu eta hauteskundeetako datu kuantitatiboak erabiliz mito horiek duten oinarria aztertzea da.

Mitoak

Lehenengo mitoa: Bloke iragazgaitzak

Blokeen mitoa gure herriko politikan entzuten den teoriarik garrantzitsuena da. Komunikabideetan eta alderdien barnean, bai interesak edo ezjakintasunak bultzatuta blokeen arteko komunikazio ezaren teoria hainbat alditan aipatzen da: Hots, “abertzale” eta “espainiar” blokeak iragazgaitzak direla da. Mito honen arabera, boto aldaketak blokeen artean bakarrik gertatu zitezkeen, barruan gertatzen ziren baina ez blokeen artean. Mito honek ondorio praktiko garrantzitsuak ditu politikan, batez ere abertzaletasunean, hainbat ekimen eta ondorio ekarri dituelako “blokeen barruan bakarrik” posible zen boto ehiza horren jokoan.

Bigarren mitoa: ENAMren gainbehera

Beste mito bat, ENAMren gainbeherarena da, eta batez ere 2001eko hauteskundeetan izan zituzten emaitza txarrek elikatutako ideia da. Aralarren sorrera, bere burua “ezker abertzaletzat” duen alderdia izanik, faktore garrantzitsua da analisia egiterako orduan, ondoren ikusiko dugun bezala.

Hirugarren mitoa: Abertzaletasunaren demokratikoaren boto galera 90. hamarkadan

Hirugarren mitoa, abertzaletasun demokratikoak 90 hamarkadan, despektiboki “Ardanzismoa” deitutako aroan,  gobernurako PSOErekin izan zituen akordioen ondorioz edo abertzaletasun demokratikoak izandako ustezko gainbehera da. Gainbehera honi erantzuna eman nahian edo mito honen zaleek “soberanismoa” dute sendagai bezala, eta hau aplikatu denean abertzaletasuna erroetara eta emaitza apartetara bueltatu dela diote.

Mitoen arriskua

Irakurleak behin baina gehiagotan entzun izan ditu arestian aipatutako datuak. Hainbat tertulia, analisi eta artikulutan azaldu dira, baina larriena mito horiek alderdietako buruzagietan izan duten eragina izan da. Abertzaletasun demokratikoaren baitan, hainbat aldiz errepikatu dira mantra hauek abertzaletasun demokratikoaren bide hau ala bestea justifikatuz. Datuek mito hauek gezurtatuko balituzte orduan zergatik errepikatu dira behin eta berriro? Zein interesekin? Zaila litzateke mitoak faltsuak izatea, bestela honek bi aukera erakutsiko lizkigukeelako: lehenengoa gezurretan aritu zaizkigula, militantziari edo herriari zenbait joera ez azaltzeko asmoz. Aukera larria izango litzateke egiaren ikuspuntu batetik baina agian ez larriena abertzaletasunaren etorkizunari begira, bigarren aukera askoz krudelagoa delako: mitoak gezurra balira eta engainatzeko intentziorik ez balego orduan ondorioa politikoek mito horiek egiaztatzeko inongo interesik izan ez dutela da. Lehenengo aukerak egia jartzen du kolokan, bigarrenak berriz adimena eta konpetentzia.

Analisirako argibideak

Ondoren agertzen diren grafikoak hainbat alderdi eta koalizioen bilakaera isladatzen dute. Alderdi guztien bilakaera jartzean ez litzateke oso esanguratsua izango, batez ere tartean koalizioak izaten direnean eta hainbat alderdi agertu eta desagertu egin direlako. Hori dela eta alderdien bilakaera aztertzeko orduan zazpi talde handitan banatuko ditugu:

Alderdi espainolistak (PP+PSOE+UPD+UA+CDS)

Talde honekin azken hauteskundeetan PP+PSOE+UPD alderdien botoen berri eman nahi da. UPD oraingoz fenomeno arabarra denez, aurreko urteetan Unidad Alavesa (UA) alderdia ere talde honetan sartzeak badu bere logika.

80 hamarkadan eta 90 hamarkadaren hasieran, alderdi popularra Alianza Popular zen baina UCD/CDS alderdia ere bazegoen eta alderdi honetatik hainbat politikok eta boto emailek eman zuen jauzia egungo PPra. Logika hau jarraituz, UCD eta CDS alderdien botoak alderdi espainolisten barruan kontsideratzea erabat logikoa litzateke.

Azken ohar bezala, talde honetan ez dut sartu Euskadiko Ezkerra, nahiz eta 94tik aurrera PSOErekin batera aurkeztu den. Ikusiko dugunez EEren desagerpenak Ezker Batuaren indartze nabarmena ekarri zuen. Beraz, EE ez dugu alderdi espainolisten taldean jarriko baizik eta Ezker Batuak egun duen espazio politikoaren barruan.

Adierazle honek bloke espainolistaren irazkortasunaren berri emango digu eta beraz, lehenengo mitoa jarriko du kolokan.

Abertzaletasun demokratikoa (EAJ + EA)

Eusko Alkartasuna Eusko Alderdi Jeltzalearen zatiketatik sortu zen eta hainbat ezaugarri amankomun dituzte. EAren sorrerarekin, EAJ kolpe larria jasan zuen baina urteen poderioz indarra berreskuratzen joan da eta EA berriz indarra galtzen azken hauteskundeetan izan dituen emaitza kaskarretaraino.

Hainbatetan koalizioan aurkeztu direnez abertzaletasun demokratikoaren bilakaera ezagutzeko EAJ+EA batura adierazle nagusienetako bat da. Batura hau 3. mitoaren froga izango da.

Hirukoa

Hirukoa azken urteotan EAEko jaurlaritzan erabili den gobernurako formula izan da (PNV+EA+EB ) eta hainbat alditan gizarteko “erdibide” bezala aipatu da alderdiek osatu dute. EB, EEren lekua hartu duen alderdia dela kontsidera dezakegu EE  PSOEn integratzean EBk EEk zuen indarrarekin agertu zelako parlamentuan. Gainera EE PCE-EPK alderdiarekin bat egin zuen 82an baina egun PCE-EPK EB barruan dago.

Gainera, EB soilik hartu ordez (80 hamarkadako hasieran alderdi kopurua oso handia zen eta hainbat gero batzen joan ziren egungo EBren espazioan) hirukorako ezker muturreko ENAM ofizialekoak ez ziren alderdien batura ere hartuko ditugu: PCE+CSI+EMK+ESEI+LKI+Auzolan… Ikusiko dugunez, batura honekin ezker mutur honek izan duen bilakaera isladatuko dugu.

Laukoa

Azken urteotan hirukoaren eboluzio logiko bezala planteatu da, bai “erabakitzeko eskubidearen” aldeko bloke bezala edo Nafarroa Bairen antzeko “Euskadi Bai” koalizio bezala. 2005 urtean hasi zen legealdian lau alderdi hauen batura izan zen gobernua sustengatu zuena eta arrazoi honengatik eta aurreko “koalizio zabalaren” deiaren bilakaera ezagutzeko oso adierazgarria da batura hau.

Laukoa + HB

Adierazle honek azken urteotan medioetan “indar autodeterministen” edo “indar ez-espainolisten” izenpean aipatzen diren alderdien baturaren berri emango digu.

PNV+EA+Aralar+ HB

Adierazle hau medioetan “indar abertzale” izenpean aipatzen diren alderdien botoen batura da. Kontuan izan honek ez duela Euskadiko Ezkerra kontuan hartzen.

Aralar+ HB

Adierazle honek ENAMen bilakaeraren berri emango digu eta bigarren mitoa jarriko du jokoan.

EAEko hauteskundeetako datuak

eae_bilakaera.jpg

Grafika honetan argi ikusi daitezke aipatu ditugun analisirako taldeen bilakaera. Pasa gaitezen beraz mito bakoitzaren datuak begiratzera:

Lehenengo mitoaren erorketa: Bloke iragazgaitzak

Mito hau erraz gezurtatu daiteke bloke espainolistaren bilakaera ikusirik. PP+PSOE+Beste blokeak 1980ko hauteskundeetan botoen %27an lortu zuen eta etengabe joan doa gorantz. Bere igoerarik nabarmenena 1994 eta 1998 urteetako hauteskundeetan izan zuen. Bien bitartean, ustezko “abertzaleen” (PNV+EA+Aralar+HB) baturak bere gailurra 1990ko hauteskundeetan lortu zuen (%58,2) eta 1990tik aurrera beherantz jo du 2005eko hauteskundeetan tendentzia hori geldituz baina 2009an berriro ekin dio jaitsierari. Ustezko “abertzaleen” punturik baxuena 2001 (bai “abertzaletasunaren” garaipen itzela deitzen dioten horretan) urtean gertatu zen (%52,2).

Bestalde “hirukoaren” bilakaeraren jaitsiera oso nabaria da. 1980 hamarkadan ezker komunistaren jaitsiera nabaria izan zen. Hori argi dakisagu PNV+EA batura 80tik 84ra izandako igoera eta guzti hirukoaren batura jaitsi egin dela ikusten denean: EE+PCE+Beste talde hori %16tik %10ra jaitsi zen botoetan. Bitartean blokie espainolistak 5 puntuko igoera izan zuen 80-84 aldian. Geroztik, PNV+EAren bilakaera eta hirukoarena ikusita da nabaria dela hirukoaren galera nagusia EE-PCE-EB taldetik etorri dela.

Orkorrean PP+PSOEren bilakera guztiz goranzkoa dela ikusirik eta bai hirukoa eta PNV+EA+Aralar + HB ren bilakaerak beherakorrak direla ikusirik bloke iragazkaitze mitoan sendotasuna benetan ahula da. Jarrera honek jarraitzen badu, bloke espainolistak hauteskunde gutxi barru izan lezake gehiengoa botoetan.

Bigarren mitoaren erorketa: ENAMen gainbehera

Aralar + HB baturaren grafikoa badakusagu eta kalkulu sinple baten bidez erraz aterako dugu botoen media %15,5 izan dela hauteskunde guztiak kontuan hartuta. Azken bi hauteskundeetan, Aralar + HB hartuta %14,5an daude. ENAMen garairik indartsuenean %18ra ailegatu ziren baina 80 eta 90 hamarkadetako batazbestekoa % 17 da eta hortik %14,5ra jaistea ezin dugu “gainbehera” bezala definitu. Jaitsi egin da, bai, baina gehienbat botoen %15a galdu du aurkezteko izan dituen zailtasun guztiak gaindituz: 2005ean EHAK azken momentuan agertu zen, kanpaina ia hasita zegoenean eta 2009an boto nulura jo behar izan dute D3M eta Askatasuna kanporatu zituztenean.

ENAMen momenturik baxuena 2001ean izan zen botoen %10 lortu zuenean eta “gainbeheraz” hitz egiten denean agian hau da askok buruan duten datua. Hala ere, Aralarren agerpena ezinbestekoa izan da bestela ENAM ofizialak jasango lukeen galera horri eusteko. HB + Aralar batura ia konstante mantendu da 2005 eta 2009ko hauteskundeetan.

Hirugarren mitoaren erorketa: Abertzaletasunaren demokratikoaren boto galera 90 hamarkadan

Hirugarren mitoa, azken urteetako erabakiak justifikatzeko erabili ohi da, gizartean “tentsioa” mantendu behar dela esanez eta zenbait fronte-politika bultzatzeko. 2001 urteko salbuespenezko hauteskundeek mito hau areagotu egin zuten, hain izan baitzen PNV+EAk 84 urteko gailurra apurtu zuen unea.

Hala ere, grafikoak argi erakusten du 84-94 hamarkadan PNV+EAren batura %40 inguruan mantendu zela ia konstante eta hain zuzen 98 urtean izan zuela bere emaitzarrik txarrena, Lizarrako akordioaren eta sufrimenduaren sozializazioaren ondorengo hauteskundeetan. PNV+EA baturak 2001eko hauteskundeetan berriro gorantz jo zuen baina 2005 eta 2009ko hauteskundeetan berriro ohiko %38an mantendu da. Azken bederatzi hauteskundeetan izandako emaitzen arabera PNV+EAren bataz-besteko portzentaia %39.5 izan.

Beraz PNV-EA batura, 1998-2001 muturrak kontuan izan gabe, egonkor mantendu da 30 urtetan %38-40-42 tarte horretan. %40aren inguruan bi puntuko tarte hau nekez izan daiteke “galera” eta gainera despektiboki “Ardanzismoa” deitu zaion aroan egonkor mantendu zen batura hori %39an.

Ondorioak

Euskal politikan entzun ditugun hiru mito nagusiak datuen aurrean jartzen ditugunean oinarri sendorik ez dutela dakusagu. Mitoak mito, arriskua norberak sortutako mitoa sinistu eta estrategia mitoaren menpe jartzen duenean dago.

Datu objektibo hauek hainbat interpretazio izan ditzakete, abstentziora jo duten edo botoa beste alderdi bati eman dioten herritarren zergatien araberakoak direlako. Hala ere, zergatiak bilatzeko asmoa dutenek, mito hauek izan duten indarra ikusita, erantzunak aurkitzea espero zuten lekua aldatu beharko dutelakoan nago.

Ion Gaztaņaga