Artxibo rtf
(46 - 2008ko Abendua)

Abertzaletasuna gaurko euskal gizartean

1.- Sarrera

Hurrengo lerroetan aurkeztuko ditudan ideiak Donostiako Miramar Jauregian azaldu nituen 2008ko apirilaren 20an, Gipuzkoako Eusko Alkartasunak antolatutako jardunaldietan. Bertan esan nuenez, eskerrak eman beharrean nago antolatzaileei, EAren jardueraren aurrean jarrera kritikoa erakutsi arren bertara gonbidatzeagatik. Bertan aipatu nuenez, han esandakoak zintzotasunetik, leialtasunetik eta maitasunetik egindako iruzkinak ziren. Ez ziren, era berean, originaltasuna bilatzen zuten ideiak. Nire inguru hurbilean, unibertsitateko harremanetan eta egindako irakurketetan maiz aurki daitezkeen kontzeptuak eta terminoak erabili nituen. Autoritate akademikoen babesa bilatu beharrik eduki ez arren, bai aitortu nahi ditut zenbait egileen lanak, antzeko baieztapenak egin dituztelako edota gutxienez antzeko kezkak plazaratu dituztelako hitzaldi, artikulu eta lan desberdinetan: Xabier Aierdi, Javier Elzo (nire aurretik hitz egin zuena Miramar jauregian), Daniel Innerarity, Ander Gurrutxaga, Txema Montero edota Aingeru Epalza nire erreferentziak izan dira lan hau prestatzeko orduan. Ezin utzi aipatu gabe bestetik www.Goizargi.com aldizkari elektronikoa eta aberriberri.com blog-orria, lan eskerga egiten ari dira abertzaletasunaren berrikuntzarako hausnarketa bidean. Bi ñabardura sarrera honi amaiera emateko; bat, ondoko datuetan ez ditut ez Iparraldeko, ez Nafarroako kopuruak erabiltzen, nire argumentazioarako egokiak eta mesedegarriak izan arren. Euskaltzaletasunaren eta abertzaletasunaren ezaugarriak arras desberdinak dira lurralde horietan eta nahiago izan dut nire azterketa EAEra mugatu, nahiz eta ohardun naizen Arabako egoerak antz gehiago duela atal askotan Nafarroako kasuarekin, kostaldeko beste bi lurraldeekin baino. Bigarrena, abertzaletasuna aipatzen dudanean, bereziki EAri eta EAJri buruz ari naizela. Ez dut oso gustuko zenbait lagunek erabiltzen dituzten "abertzaletasun demokratikoa" edota "abertzaletasun instituzionala" terminoak, gehiegi mugatzen dituztelako izendatu nahi dituzten fenomenoak, baina ez zait beste bat bururatzen. Batzuek abertzaletasun historikoa erabiltzen dute, baina hor dugu Eusko Abertzale Ekintza, 1930ean sortutako alderdia eta nekez ukatuko dugu data horrek nahiko karga historiko ematen diola alderdi edota erakunde horri. Hemen, beraz, abertzaletasun hitza erabiliko dugu, baina jakinda bereziki EA eta EAJri buruz ari garela. Ez dut, ordea, izaera abertzalea ukatzen Aralar, Abertzaleen Batasuna edota ELA sindikatuko zuzendaritzari, baina dinamika desberdinei erantzuten dietela pentsatzen dut.

Hainbat lerro idatzi ditut eta ez dut oraindik nire helburua adierazi. Sinplea bezain zaila da: nire asmoa EAJ eta EA alderdiak zer nolako zelai-jokoan mugitzen diren azaltzea da, euskal gizarteak eta euskal politikak azkeneko urteetan bizi izan dituzten aldaketak kontutan hartuz. Horretarako bost puntu desberdin jorratuko ditugu: lehenengoan abertzaletasunaren ibilbidearen ezaugarri pare bar nabarmenduko ditut. Bigarrengoan euskal gizarteak azkeneko hogeita hamar urteetan bizi izandako aldaketa garrantzitsuenak jorratuko ditut. Hirugarrengoak euskal sistema politikoaren ezaugarriak laburbilduko ditut. Laugarrengoan abertzaletasunak, nire ustez, bizi duen krisia azalduko dut eta, azkenekoan etorkizunerako hainbat proposamen egingo ditut. Lau aurrenekoetan gizarte-zientzialari eta historialarion artean nahiko adostasuna dago, azkenekoan, noski, nire iritzi propioa nagusitzen da.

1.- Abertzaletasunaren zorigaitz ziklikoa

Zenbait historialariek Erdi Arora edota Aro Modernoaren hasierara (Nafarroako konkistara) atzeratu nahi arren "euskal auziaren" hasiera, aditu gehienek bat egiten dugu abertzaletasunaren agerpena Aro Garaikidearen lotzeko orduan. Hiru gertaera dauden abertzaletasunaren jatorrian, nahiz eta desadostasun egon bakoitzaren garrantzia azpimarratzeko orduan. Foruen abolizioa, 1876/1877 bitartean eman zena, euskara eta euskal kulturaren atzerakada nabarmena eta industrializazioaren zabalkunde azkar eta bortitza. Azken arrazoi horrek, adibidez, esplikatzen du abertzaletasunaren lehen aldarria Bilbon ematea eta ez ingurune euskaldunago batean. Foruen abolizioak Espainiaren eta Hego Euskal Herriaren arteko harreman berria sortu zuen eta aurreko hamarkadetan behin baino gehiago entzun baldin baziren euskaltzaletasunaren zantzuak, 1876tik aurrera ikusiko ditugu, ñabardurarik gabeko euskal nazioaren aldarrikapenak. Horien artean nabarmenena eta arrakastatsuena Sabino Aranarena izan zen. Aranak garatu zuen abertzaletasunaren kontzeptuak hainbat ezaugarri berri zituen, baina ez da zaila beste batzuen arrastoak bilatzea bere aurreko pertsona eta ideologoetan. Hiru dira lehen multzoan sar ditzakegunak: Arrazaren garrantzia, antiespañolismoa eta independentismoa. Bigarren multzoan daude Historiaren eta erlijioaren pisua, euskaltzaletasuna eta autonomismoaren onarpena. Arana bizi zela elementu horien garrantzia aldatzen joan zen unearen arabera eta gauza bera gertatu zen hura hil ondoren.

Era horretan abertzaletasunaren garapenak garbitasun ideologikoa mantendu zuen, malgutasun pragmatikoa erakusten zuen bitartean hauteskunde borrokan. Malgutasun horren oinarriak erlijioaren defentsa, foruzaletasuna eta autonomismoa izan ziren. ETA sortu arte, eredu hori zalantzan jarri zuten bakarrak Eusko Abertzale Ekintza eta Jagi-jagi izan ziren. Lehen taldeak kolokan jarri zuen mugimendu abertzalearen konfesionaltasuna, autonomiaren aldeko apustu garbia egin zuen eta justu gerra zibilaren aurretik ezkerrerako joera onartu zuen, Jagi-Jagik, aldiz, independentziaren aldeko apustu garbia suposatzen zuen. Baina salbuespen horien ez dute kolokan jartzen arestian markatutako ereduaren balioa. 1936 arte abertzaleek ez zuten presentzia handirik eduki euskal erakunde publikoetan, udal mailan kenduta. Horren ordez, ekintzarako tresna eraginkorrak sortu zituen: alderdi politikoak, sindikatuak, prentsa, batzokiak, kultura-elkarteak, kirol-erakundeak, irakaskuntza-sarea, eta abar.

Eredu eta mezu desberdinen bilbaketak abertzaletasunaren hazkundea ahalbideratu zuen, bai gerra-aurretik, baita Frankoren heriotzaren ondoren ere. 1917an jeltzaleek, lehen aldiz, Bizkaiko Aldundiaren jabe egin ziren, 1933an Estatutuaren aldeko erreferendumaren osteko hauteskundeak irabazi zituzten Araba, Gipuzkoa eta Bizkaian, 1980an Karlos Garaikoetxearekin Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak irabazi zituzten eta gauza bera gertatu zen 2001ean Ibarretxe lehendakariarekin. Garaipen horiek ez zioten erantzuten abertzaletasunaren mezurik erradikaleni, autonomiaren aldarrikapenari baino. Arrakasta, alta, mugatua izan zen, beste indar politikoen indarra ere oso nabarmena izan delako eta errealitate horrek abertzaletasunaren barne-kontraesanak azaleratu, mezu kontrajarriak zabaldu eta krisi desberdinak bultzatu zituen. 1921 Jel Batza zatitu egin zen eta EAJ, Aberri aldizkariari lotutako alderdi independentista, sortu zen. Zatiketa 1930ean amaitu zen, baina urte horretan bertan EAE sortu zen. 1934-36 bitartean Jagi-Jagi jeltzaleengandik taldea urrundu egin zen eta alderdiak barne-krisi latza bizi izan zuen, gerraren hasierak itzali zuena. 1986an EAJren zatiketa eman zen, Eusko Alkartasuna sortuz. 2005-2008 garaian, azkenik, bi fenomeno eman dira: alde batetik, boto-jaitsiera, aurrerago aztertuko duguna, eta, bestetik, barne-tentsioak, bai EAJn, bai EAn eta norabide politikoari buruzko zalantzak, kontsulta eta erabakitzeko eskubidearen inguruan. Azken urte hauetako krisia da, hain zuzen, nire hausnarketaren oinarria eta ondoren azalduko dudanez, euskal gizartearen aldaketen eta euskal politikaren sistemaren ezaugarrien ondorioa da.

2.- Euskal gizartearen aldaketak

Ez dago aldaketarik ez duen gizarterik, baina maiz, oharkabean pasatzen dira, fenomeno berriak arin-arin barneratuz eta betikotuz gure artean. Kanpotik begiratuta, ordea, aldaketa sakonak eta sustraikoak jasan izan ditu euskal gizartean azkeneko berrogei urtetan. Azpimarratu nahi ditudan datuen artean, lehena biztanleriari dagokio. Hiru dira, ildo honetan, aditu guztiek nabarmentzen dituzten datuak: lehena EAEko biztanleria mantendu egin dela. 1981. urtean 2.141.809 lagun bizi ziren hemen, 2006. urtean 2.129.339. Kontutan hartu behar da azken datu hori ulertzeko azkeneko urteetako inmigrazioak estali egin duela aurreko hamarkadetako jaitsiera. Herrialde baten bizitasuna, besteak beste, bere biztanleria du ispilu: jendea erakartzeko edota bertakoak eusteko gaitasunik ez duen herrialdeak arazo bat dauka. Bigarren datua euskaldunen zahartze-prozesuarekin lotuta dago. Ugariagoak dira hirurogei urte edo gehiago dituzten euskaldunak hemezortzi urte baino gutxiago dituztenak baino. Gizarte zaharrek beste lehentasun batzuk dituzte gastuak bideratzeko orduan eta kontserbadoreagoak bilakatzen dira, baita politikan ere. Hirugarren datua, etorkinen, zahar eta berrien, nagusitasunarekin lotuta dago: euskaldunen bi herenen edota beraien gurasoak ez dira bertan jaio eta zuzentasun politikoak kontrakoa esan arren, askoren integrazioa oso apala da.

Euskal gizartea hirietan bizi da, ez da beharrezkoa Lan Kide Aurrezkiko azken urteetako egutegiak begiratzea horretaz jabetzeko. Bilbo, Gasteiz, Donostia, Barakaldo, Getxo eta Irun batuz gero 999.535 euskaldun bilduko genituzke. Herri txikien biztanleria jaitsi edota pixka bat handitu den bitartean, hirietakoa eta kostaldekoa, oro har, nabarmen emendatu da. Aipatutako hirien artean, Bilbok eta Getxok baino ez dute alkate abertzalea. Ekonomikoki ekoizpen-sektoreen aldaketa handia eman da. Egia da industriak oraindik pisu handia duela gure artean, baina zerbitzu sektorea gailendu zaio azken urteetan. Lan desberdinak, kualifikazio desberdinak, enpresa desberdinak ditugu, beraien kezka eta merkatuak ez dira, halabeharrez, lehengoan.

Ikuspegi sozialetik emakumearen presentzia publikoa asko indartu da. Etxetik kanpo lan egiten duten emakumeak askoz gehiago dira eta horrek ondorioak ditu familia-eredu eta haur-kopuruetan, baita aisialdia bizitzeko ereduetan eta geroz eta gehiago izango du eskakizun politiko eta sozialetan eta, antza, horiek gauzatzeko moduetan. Zer esan sexualitatea bizitzeko moduei buruz?

Jende gaztearentzat oharkabean pasatu arren, sekularizazio erlijiosoa da Euskal Herriko gizarte fenomeno deigarrienetako. Duela berrogeita hamar urte Eliza Katolikoaren presentzia erabatekoa zen, egun astero mezetara joaten direnen bataz bestekoen adina hirurogeita bost urtetik gora dago eta Elizaren mezu askoren oihartzuna hutsaren hurrengoa da, bereziki gazteenen artean. Alderdi jeltzaleak berak abortua edota homosexualen arteko harremanak onartzen ditu. Urruti geratu da, "Gu Euzkadirentzat eta Euzkadi Jaungoikorentzat". Antzeko zerbait gertatu da politika bizitzeko eta ulertzeko moduekin. 1970eko hamarkadako inflazioaren ondoren, non jende askorentzat politika eguneroko bizimoduaren ardatza bilakatu zen, egun, politikari profesionalak izan ezik, gutxi dira horrelako kontuak hurbiletik jarraitzen dituztenak. Duela gutxi zabaldutako berria izan daiteke horren adibide garbia: gipuzkoar gehiagok ezagutzen zuten Barack Obamaren izena, Markel Olanorena baino.

Kulturaren arloan hiru dira azpimarratu beharreko kontuak. Lehenik eta behin, hezkuntza mailaren igoera, geroz eta gehiago dira goi-mailako ikasketak dituzten euskaldunak, bere kopurua bikoiztu egin da. Maiz harrituta ikusi arren jakinduri hori ez dela islatzen bizitzaren esparru pribatu edota publiko askotan, herritarrek mezuak jasotzeko eta bereganatzeko edota kritikatzeko eskura dituzten baliabideak asko aberastu dira azkeneko hamarkadetan. Horrekin batera Euskal Herritik kanpo sortzen diren komunikabideen presentzia nabarmen areagotu da gure artean. Kontua ez da bakarrik euskal abertzaletasunarekin kritiko diren euskal medioen sendotasunak zalantzan jartzen duela haren balizko hegemonia, baizik eta telebistan edota interneten geroz eta presentzia handiagoa dutela Euskal Herritik kanpo sortutako iturriek. Informazioa eskuratzeko bideetan ugaritzea eman da eta hori, berez, ona izan arren, euskal nortasun desberdindua defendatzen dugunok arazo gehiago ditugu mezu horiek zabaltzeko eta entzunak izateko. Atal honetako azken puntuak lotura zuzena dauka euskalduntzearen indar eta ahuleziekin. Azken hogeita hamar urtetako ahaleginei esker biztanleriaren erdiak euskaldun edo iaeuskaldun moduan definitzen du bere burua. Hazkunde hori ez da ikusten ordea erabiltzeko orduan eta bi erreakzio kontrajarri sortu ditu. Batetik euskaldun askok harriduraz, haserretuta eta etsipenez ikusten dute euskal erakundeek ez dutela politika linguistiko koherente bat bultzatzen, ertzain gehienek ez dakitela euskaraz eta gainera susmagarritzat hartzen dutela haiengana euskaraz zuzentzea, gauza bera gertatzen dela Osakidetzan eta beste hainbat erakunde publikoetan. Egoera horrek urrundu egiten ditu talde horiek politika instituzionaletik. Beste askoren artean, ordea, kontrako jarrera zabaldu da eta zenbait medioen laguntzarekin urte askotan egiten ausartu ez zirena, orain ari dira zabaltzen, euskararen eta horren normalizazioa bultzatzen dituzten ahalegin gehienak kritikatzen dituzte, abertzaletasunaren inposizioatzat hartuz

3.- Euskal politikaren ezaugarriak

Aldaketa sozialak ez ezik, sistema politikoan ere aldaketa ugari eman dira. Puntu honetan nire ustez egiturazkoak direnak aipatuko ditut eta hurrengo atalerako utziko ditut epe laburrari dagozkionak. Azpimarratu beharreko lehen puntua da erabaki politikoek geroz eta eragin gehiago dutela eguneroko bizimoduan. Gurea artean zabaldu den erretolikak neoliberalismoaren nagusitasunari buruz hitz egin arren, eta, ondorioz, Estatuaren ahultasunari erreparatu; errealitatea bestelakoa, baita azken asteetako krisi ekonomikoaren konponketarako proposatu diren neurriak alde batera utzita ere. Estatuaren esku hartzea, ekonomian, hezkuntzan, osasungintzan, kulturaren arloan, sexualitate edota janari kontuetan inoizko altuena da. Horren ondorioz, erakunde publikoen presentzia publikoa asko hazi da azken hamarkadetan. Gertaera horrek zenbait aurpegi ditu, deigarrienak, behar bada, batera eman diren bi prozesu: Egitura instituzional autonomikoak sendotzea, baina baita Espainiaren presentzia indartzea, bai arlo sinbolikoan (ikusi besterik ez dago zenbat aldiz etorri den azken urteetan erregeak euskal lurraldeetara), baita praktikoan ere (AHTren azpiegituretako estatuak jarritako dirua). Egoera horrek berarekin ekarri du jarrera errebindikatiboak mantentzea, transferentzia guztiak gauzatu gabe egoteak eta eraikuntza nazionalaren aldarrikapen bitartez, besteak beste.

Egiturazko faktoreen artean sar daitezke, era berean, euskal abertzaletasunaren ezin nagusitzea eta alderdi espainolen indartzea. Gutxik pentsatuko zuten 1979an autonomiak hogeita hamar urte bete ondoren, abertzaletasunak arazoak izango zituela nagusitasuna lortzeko, baina horrela gertatu da. Hiru dira, nire ustez, egoera hori azaltzeko erabili beharreko elementuak: abertzaletasunaren kudeaketak ekarritako aje, neke eta gabeziak, alde batetik, Espainiatik etorritako etorkinen badaezpadako integrazioa, bigarrenik eta indarkeria politikoa mantentzea, azkenik. Aurreneko faktorea alde batera utzita, aipa ditzagun laburki beste biak. Etorkinen integrazioari dagokionez, askok egin duten ahalegina mespretxatu gabe, hori esaten dute, besteak beste, abstentzioaren datuek: Espainiako hauteskundeetan botoa ematen duten askok ez baitu ematen Gasteizko Legebiltzarrerako direnean. Alderdi abertzaleentzat mesedegarri izan daiteke zenbait kasutan, baina, epe luzerako arazo bat suposatzen du. Azken hauteskundeetan ikusi dugunez, Espainiako alderdien nagusitasuna erabatekoa izan da eta zilegitasun horrek indartu egin ditu bai PP, baita PSEren asmoak. Indarkeria dagokionez ez dirudi epe laburrean amaitu daitekeenik, ez baldin bada lurrikara politiko bat gertatzen behintzat. Egia da ETAren indarkeriak euskal politika baldintzatzen duela, gutxiago Espainiakoa, baina azken urteetako neurriek, bide poliziala, judiziala eta politikoak uztartzeak, asko ahuldu du bere ahalmena. Egun hauetako adibide bat jartze aldera, Txeroki ETAko buruzagi odol gose moduan aurkeztu dute hedabide askok. Egia da, saiatu saiatu zela, baina bera buruzagi izandako hiru/bost urteetan zazpi hildako baino ez dira egon. Zer esango zuketen 1980. urteko ehun hildakoak errepikatuko baziren. Indarkeria eta bere ondorio kaltegarriak saihestu gabe eta gure azterketatik inoiz baztertu gabe, beharrezkoa dugu, era berean, erradikalismoaren gizarte-ahultasuna azpimarratzea; are gehiago lurraldetasunaren ikuspegitik begiratuz gero. Euskal Herriko toki askotan, zorionez, bortxakeri politikoa fenomeno ia ezezaguna da azkeneko urteetan eta ezin da politika oso bat fenomeno horren inguruan eraiki.

4.- Abertzaletasun instituzionalaren krisia

Datu nabaria da azken hamar urteetan euskal abertzaletasunak sakoneko krisia bizi duela. Krisi horrek hiru adierazle agerikoak ditu. Lehena aro garaikideko eztabaida-guneetatik kanpo egotea da, bozgorailu propiorik gabe eta beste aktoreen diskurtsoa bereganatuz. Horren lekuko dugu ikustea zein erraz hartzen duten EA eta EAJko buruzagi askok Ezker Abertzalearen paradigmak eta hizkuntza (lurraldetasuna, soberania, eta abar). Bigarren adierazlea proposamen zehatzak azalarazteko erakusten duen zailtasuna dugu. Ibarretxeren proposamenen iluntasuna: lehenik asmoa azaldu, ondoren proposamena egin, hasierako baldintzak (bortxakeria eza) aldatuz; Madrileko gobernuak uko egin ondoren, irtenbide kontrajarri eta antzuak plazaratu, eta abar. Hirugarren adierazlea eta nabariena, nahiz eta askotan aipatu ere ez den egiten, hauteskunde-krisia dugu. Fenomeno hori oso deigarria da EAren kasuan (1989ko Espainiako hauteskundeetan 123.613 boto jaso zituen -% 11,24-, 2008an, aldiz 50.121 baino ez, % 4,57a, baina bere eragina EA-EAJ koalizioa ere zabaltzen da. Era horretan 2001eko datuak arrakasta moduan har baldin badaitezke ere (Batasunaren botoak beharrezkoak izan ziren gobernatzen hasteko eta indar espainolistek abertzaleek baino bakarrik 25.000 boto gutxiago jaso zituzten) 2005koak arazoaren isla berria izan ziren. Izan ere, deialdi hartan Ibarretxek zuzentzen zuen koalizioak lau urte lehenago baino 136.000 boto gutxiago jaso zituen. Porrota are deigarrigoa da, kontutan hartuz gero, hauteskunde horiek, neurri batean, plebiszitu moduan aurkeztu zirela Ibarretxeren lehen planak Madrilen ezezkoa jaso ondoren. 2008an, berriz, EAJk zuzenean jaso zuen krisiaren berri, EAEn PSOEk baino 122.000 boto gutxiago jasoz eta lehenengo aldiz Bizkaiko lehen postua galduz. EAk, bide beretik, Gipuzkoan zuen legebiltzar postu bakarra PSOEren esku utzi zuen.

Zeintzuk dira egoera horren arrazoiak? Nire ustez, lehena artikulu honen hasieran aipatutako gizarte-aldaketak, baina beste asko aipa daitezke. Bada bat gutxi aipatzen dena, eta ez EAJ ezta EAk ere ez dutena kontutan hartzen, denbora asko daramatzatela, modu batera, izen batekin edo bestearekin, boterean eta gaurko gizarteak, neurri batean, bederen, aldaketa saritzen duela. EAJren kasuan, 1979tik dago erakunde askoren zuzendaritzan, bakarrik edota beste batzuekin lankidetzan eta ez da erraza gure inguruan horrelako fenomenorik ikustea. Espainian Extremaduran eta Andaluzian gertatzen da, baina ez dira gure erreferentzia. Alemaniako Bayern-en dute bertako kristau-demokratek historia bera, baina han ere azken hauteskundeetan nagusitasun hura pitzatzen hasi zen. Ez da denbora kontua bakarrik, erabilitako kudeaketa-ereduak, bai alderdietan eta baita erakunde publikoetan jende asko urrundu du euskal abertzaletasunengandik. Gauza bera eragin du bi alderdiek ematen duten batasun-eza eta liskarren irudiak. Hauteskunde-datuek plazaratzen duten beste kontu bat da boto-emaile berriak erakartzeko gaitasun-eza. Inguru abertzale eta euskaldunetan arazo demografikoen ondorio izan daitekeena, are kezkagarriagoa bilakatzen da eremu erdaldunetan, hiri horiek direlako egun gunerik dinamikoenak. Asko luzatu daitekeen zerrenda honetan azken elementu bat aipatu nahi dut: iniziatiba politiko garbiaren falta, bai bortxakeriaren aurrean, bai elkarbizitzaren dagokionez. ETAren aurkako kritikek uneoro zipriztintzen dute abertzaletasun demokratikoa eta ez da harritzekoa hori gertatzea EAJko eta, bereziki, EAko buruzagi batzuei behin eta berriz entzuten diegunean, ETArekin duten desberdintasun bakarra, indarkeria dela esaten, helburu berdinak bilatzen dituztela iradokiz. Elkarbizitzari dagokionez, erabakitzeko eskubidea euskal politikaren ardatz bilakatzeak, asmo horrekin bat egiten ez dutenak guregandik urrundu egiten ditu, erakarri ordez.

5.- Etorkizunerako proposamenak.

Zer egin egoera horien aurrean? Ez da erraza erantzun egoki bat ematea. Epe laburrean planteatzen den lehen erronka Eusko Legebiltzarreko hauteskundeena dugu, kontsultaren bigarren porrotaren ondoren. Dakigunaren arabera, EA eta EAJ bakoitza bere aldetik aurkeztu dira. Hanka sartze itzela da, nire iritziz. Bi dira hori esateko ditudan arrazoiak. Alde batetik Eusko Alkartasunaren bilakaera historikoak erakusten du ez dela gai beherantzko joerari aurre egiteko eta Espainiako hauteskundeetan izaten dituen emaitzak errepikatu egiten direla eta Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan hurrengo laukian garbi ikus daitezkeenez.

Espainiako Kongresurako hauteskundeak

Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak

1986

% 15,84 13

1989

%11,24

1990

% 11,38 9

1993

%10, 01

1994

% 10,31 8

1996

% 8,25

1998

% 8,69 6

2000

% 7,80

2001

Koalizioa % 42,7

2004

% 6,57

2005

Koalizioa % 38,6

2008

% 4,57

Baldintza horietan PSEk aukera asko ditu lehen alderdia izateko, botoetan ez bada, legebiltzarkideetan, Gipuzkoan eta Arabako lehen alderdia bilakatuz. Edozein kasutan, EAJ+EA+EB+Aralarrek ez dute ia inongo aukerarik PSE+PPk baino parlamentari gehiago lortzeko. Egoera horretan bi aukera dira posibleenak, PNV eta PSEk bat egitea gobernua osatzeko da bata, PPk Patxi Lopezi ematea botoa azken hori lehendakaria izateko. Nekez uler daiteke ikuspegi abertzale batetik aukera horiei ateak irekitzea. Eszenategi horrek, gainera, eta hau da bigarren arrazoia, EAJ eta EAn barne-arazoak indartuko dituzte, jarrera erradikalenen mesedetan, baina oso oker daude pentsatzen dutenak muturrera joaz botoak berreskuratu daitezkeela eta are gutxiago abertzaletasuna nagusitu. Hiru hilabete geratzen dira hauteskunde-kanpaina ofiziala hasi aurretik eta ez dirudi aukera asko dagoenik koalizioaren gaia birbideratzeko, baina horrelakorik gertatzen ez bada, abertzaletasunaren porrota iragarritako kontua izango da. Hori saihesteko jarraitu beharreko bideak, halaber, bortxakeriengandik eta hura salatzen ez dutenengandik urruntzea eskatzen du, ilegalizazioaren dinamikan sartu gabe eta indar-metaketarako joera alboratuz.

Arazoa, edozein modutan, aurreko orrialdeetan ikusi dugunez, egiturazkoa da eta benetako konponbideak epe ertain edo luzekoak izan behar dute. Lehenik eta behin abertzaletasunari buruzko hausnarketa bultzatu behar da, horretarako esparru irekiak eta iraunkorrak sortuz, birmoldatuz edota bultzatuz. Hausnarketa horrek errealitate historiko eta soziala kontutan hartu behar du, abertzaletasunaren erreferente historikoak berreskuratuz eta eguneratuz. Politika egitekoa modua ere aldatu behar da, gizarte-partehartzea, alderdietan eta erakundeetan, indartuz eta kontsensu zabalak lortuz. Horrela bakarrik lor daiteke gizarte koh esionatua eraikitzea eta hori da burujabetzaren bidean sakontzeko bide bakarra gaurko eta hemengo Euskal Herrian.

Mikel Aizpuru