Artxibo rtf
(42 - 2007ko Uztaila)

ELKARRIZKETAN

PAKO GARMENDIA: "herritarren jarrerak eta jokabideak erabakitzen du demokraziaren kalitatea"

Pako Garmendia, herrigintzari buruzko teorietan eta erakundeetan aditua dugu. Jatorriz eta bizitzez, Urolan ditu bere sustraiak. Hain zuzen, iparraldeko eta hegoaldeko euskal herrietan hauteskundeak izan berriak ditugula-eta, gure herri egoeraz eta norabideaz elkar hizketan ari izan gara berarekin. Hona hemen, jo eta jasotako galde-erantzunen aria:

Hauteskundeak

Xabier Iparragirre (Goiz Argi): Hain zuzen, Urolako bi herritan gertatutakoak hizpide izan dira. Azpeitian eta Zumaian EA-tik aurkeztutako zinegotziek eta Gipuzkoako EA-ko buruzagiek jarrera eta jokabide oso kontrakoak adierazi dituzte, herri horietako alkateen aukeratzea dela -eta. Normala al da demokrazian horrelakorik gertatzea?

P. Garmendia: Demokraziak ezin gal erazi lezake horrelakorik gertatzea. Demokrazia bestelako agintaritza ereduetatik bereizten duena, hain zuzen, horrelako egoerak ere kudeatzeko modua da ...

G.A.: Nola kudeatzen dira ba horrelako egoerak demokratikoki?

P.G.: Lehenik, galderak era demokratikoan planteatuz ...

G.A..: Zehatzago esanda ...

P.G.: Bi herri horietan gertatu dena ikusgune demokratiko batetik aztertzeko, jarri beharreko lehenengo galdera hau da: beren buruak zinegotzi izateko hautagai bezala aurkeztu dituztenek azpeitiarrei eta zumaiarrei beren botoa eskatu dietenean, zer agindu dien eta botoa eman dietenengan zer esperantza sortu dituzten. Kontua ez da, beraz, Alderdi baten baitako buruzagi ezberdinen arteko eztabaida, baizik herriari eman zaion eta herriak eman duen hitzari zor zaion errespetua ...

G.A.: Eta... errespetatu da ala ez?

P.G.: Nabaria da batzuen ustetan ez dela errespetatu. Eta normala da horrela izatea. EA-ren babespean herri horietako udal kandidatuak eta Batzar Nagusietarako hautagaiak elkarrekin nahastuta azaltzen ziren egin zuten propagandan. Ez da harritzekoa beraz, beren hautesleetako hainbatek, I.Galdos-ek adierazten zuen jarreraren alde ematea botoa.

G.A.: Zer egin daiteke horrelakorik gertatzen denean ...?

P.G.: Horrelako zerbait, hauteskunde bakoitzean gertatzen da. Botoa ematen duenak zerbaiten kontra edota zerbaiten alde ematen du. Botoa jasotzen duenak oso gutxitan asetzen ditu hauteslearen esperantzak ... Hain zuzen, horretxegatik egiten dira behin-eta-berriz hauteskundeak ...

G.A.: Beraz, datozen hauteskundeen zain egotea besterik ez zaio gelditzen hautesleari ...

P.G.: Ez dut horrelakorik esan.

G.A.: Batzuek esan duten bezala, zentsura mozioak aurkeztu beharko lirateke?

P.G.: Bide hori beti izan da erabili daitekeen aukera bat demokrazian. Kontua, ordea, zera da: hori ere nola erabiltzen den. Buruzagi batek goitik eskatu duelako ala herriko beren hautesleei zor dieten hitza errespetatzeko. Ez dira, noski, derrigorrez, bata bestearekin ezkondu ezinak. Baina, demokrazia jatorrean, herriari iruzur ez egiteak beti balio beharko luke gehiago, urrutiko ala bertako buruzagi baten erabakiak baino ...

G.A.: Badago jakiteko modurik, hautesleen hitza errespetatzen duen ala ez hautetsiak ...?

P.G.: Azken hitza hautesleak du, baina hurrengo hauteskundeetan. Bitartean erabil daitezkeen galdeketak ditugu eskura ... Bezeroen artean azokako produktuen onarpen maila neurtzeko egiten diren enkuestak bezalaxe egiten dira politikoen erabakiek dutena jakiteko.

Demokrazia

G.A.: Enkuesta bidez burututako demokrazia ...?

P.G.: Ez, ez ... galdeketak tresna bat besterik ez dira. Garrantzia duena, auzotar bakoitza da, herrikidea, bere lanaren eta bere buruaren jabe izateko zorra duen gizon-emakumea. Horiek dira zinezko garantia. Noski, demokrazia, elkarbizitza sentitu, pentsatu, antolatu, arautu eta kudeatzeko era bat da, ezinbestean, komunikatzeko, irizpideak eztabaidatzeko, erabakitzeko eta erabakitakoak bete eta epaitzeko erakundeak behar dituena. Baina bitartekorik onenak ere ezer gutxi dira demokratarik gabe: auzoko edo herriko bakoitzak behar du izan, bere auzo- eta herribizitzaren zainkide.

G.A.: Posible da...?

P.G.: Ez dago gizon-emakumerik erabat bere buruaren jaun-eta-jabe denik ... Osasuna ere ez dago erabat bakoitzaren esku. Bai ordea, neurri batean. Osasuntsu bizitzea helburua da, beti eginkizun. Berdin, bakoitza, herrikide denez, bere buruaren jabe izatea ere ...

G.A.: Baina herritar batek bere buruaren jabe izateko, gutxieneko baldintza politikoak ezinbestekoak ditu ...

P.G.: Eta alderantziz: gutxieneko baldintza demokratikoak garatzeko, bakoitzak bere buruaren jabe izan behar du mailaren batean ...

G.A.: Zer da lehenagokoa: demokrazia ala demokratak ...?

P.G.: Gizarteko bizitza bere etorrian hartzen badugu, biak dira elkarrekiko. Zure galdera dena den, oiloarena eta arrautzarena da. Zer datorren zeren ondotik? Beste emandako erantzuna emango dizut: arrautza da aurrena, baina beste egazti batena ...

G.A.: Demokraziaz eta burujabetzaz duzun ikuspegia ez ote teorikoegia edo utopikoegia? Herritarrek era batera edo bestera Alderdien eta kandidatura batzuen eskutan uzten dute demokrazia aurrera ateratzeko erantzukizuna ...

P.G.: Demokrazian, eginkizunak delegatu daitezke batzuen edo besteen eskutan. Baina delegazio hori egin izanaren erantzukizuna eta ardura, herritar bakoitzarena eta herritar denena da.

 

Alderdiak eta herria

G.A.: Ba dirudi ez zarela alderdien oso zalea ...

P.G.: Oker zabiltza ba. Alderdiek beren egitekoa dute, baina demokraziaren ardatza auzoa eta auzokideak, herria eta herrikideak dira. Alderdiak balira agintaritzaren ardatza, ez genioke demokrazia deituko, alderdikrazia baizik. Baina talde eta alderdi antolaturik ez den gizartean, nekez antola daiteke herritarren parte hartzea gurea bezalako herrialde konplexuetan, eta hori gabe ezinezkoa da demokrazia.

G.A.: Nolako parte hartzea eskatzen du demokraziak?

P.G.: Herritarrek beren borondatez eskatzen duten parte hartzea, alegia, gainerako herritarren parte hartzea ukatzen ez duena, eta ez momentu batekoa, baizik eta etorri iraunkorrean mantentzen dena.

G.A.: Batzuek esatera, gurean ez dugu demokraziarik, den-denen parte hartzea bermatzen ez delako?

P.G.: Demokraziaren bidetik pauso asko emanak gara azken hiru hamarkadatan Hegoaldeko euskal herrietan. Herritarrok, baldintza ezberdinetan, geure irizpideak azaldu ahal izan ditugu, zenbaitetan, hauteskundetan parte hartzeari uko eginaz, bestetan geure gogoko alderdi bati botoa emanaz, inoiz boto nuluak eskainiz, edo zuri bozkatuz ... Adierazpide horiek denak parte hartzeko moduak izan dira, balio demokratikoa dutenak.

G.A.: Nahikoa da hori?

P.G.: Inolaz ere ez. Baina hori bera ere ez da gutxietsi behar. Demokrazia ez da erabat egina dagoen makina bat, erosi eta martxan jartzen dena bat batean. Demokrazia beti da eginkizun, beti dago herritarren jokabidearen mende. Gurean ere, zer hobeturik asko du. Baina, duguna ere okerragora eraman dezakegu. Balio duena tendentzia da.

G.A.: Eta nolako tendentzia ari da nagusitzen gurean?

P.G.: Goraka eta beheraka ikusten dut askotan. Azken hauteskundeak igaro ondoren entzun diren zenbait kritika, hoberako bide berrien seinale izan daitezke. Adibidez, Alderdiek gehiago saiatu behar dutela herritarren onari begira, beren botereari begira baino. Herri gizarte antolatuaren eragile diren taldeei zor zaien protagonismoa eman behar zaiela, e.a.

G.A.: Horiek lirateke herritarren parte hartze demokratikoa hobetu lezaketenak. Eta kontrakoak?

P.G.: Kontrakoak izaten jarraitzen dute, gure herriaren etorkizuna erreboluzioaren-errepresioaren arteko antagonismoaren zurrunbiloan ito arazi nahi dutenak. ETA-k bere eraso estrategiari atxikirik jarraituko duela adierazi berri du eta beste zenbaitek errepresioaren bidea indartzea eskatzen du. Dinamika hori nagusitzen bada, gure demokrazia asmoetan atzera egingo dugu.

G.A.: Erasoak kontraerasoa ekartzea ez al da normala?

P.G.: Eta kontraerasoak erasoa ekartzea ... Horrelako egoera batean demokratikoki jokatzeak, dinamika horixe apurtzeko herri estrategia indartzea eskatzen du. Hori da zailena eta horixe dugu beharrezkoen ...

G.A.: Ez alda zurea, ihes egiteko erantzuna?

P.G.: Edozein delarik ere herrikidea, bidezkoa ez den erasotik babestu egin behar da.

G.A.: Bidezko erasorik badela esan nahi duzu?

P.G.: Norbaiti tiroz erasotzea edo mehatxuz ikara araztea edo antzekoak, eraso bidegabeak dira. Erasotzaileari aurre egitea, beharrezkoa denean, indarra erabiliz, bidezkoa da. Bereizketa hori egiteko gauza ez bagara, etengabeko gerra beste biderik ez zaigu gelditzen.

G.A.: Baina horrelako egoeratan zer egin lezake herritar xeheak?

P.G.: Horrelako egoeratan herritarrek duten jarrerak eta jokabideak erabakitzen du gizarte horretako demokraziaren kalitatea. Areago, herritarren protagonismoa nagusitzen den neurrian salba daiteke demokrazia.

G.A.: Arazo hauetan ez al dute ba protagonismoa politiko profesionalek izan behar?

P.G.: Protagonismoa denok izan behar dugu, bakoitzak bere mailan. Adibidez, herritarrak erasoetatik babesteko, alderdiek beren artean adostu ditzakete hainbat akordio eta ekimen jakinetara aldatu. Norena da protagonismoa horrelakoetan? Politikoena ala ordezkatzen dituzten herritarrena? Demokraziak kalitate hobea du, zenbat eta protagonismo gehiago izan herritarrek, abiapuntu eta helburu direnez. Baina, esan bezala, hori gauzatzeko, herrialde konplexuetan, alderdiek eta buruzagi politikoek beren protagonismoa izan behar dute.

Ur handitan sartu garenean, tartea bukatu zaigu. Beste batean jarraitu beharko.

Xabier Iparragirre